XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ba objekturik gabe ez legoke inolako arrazoirik nire errepresentazioa harekin erlazionaturik dagoela pentsatzeko, eta erlazioak inspirazioan beharko luke oinarritu.

Beraz modu bakarra dago nire intuizioa objektuaren errealitatea baino lehenagokoa izan dadin, eta apriorizko ezagutza bezala gerta dadin, alegia intuizioak sentsibilitatearen forma besterik ez dezala eduki, zeina nire subjektuan inpresio erreal guztien aurretik baitoa, horien medioz afektatzen naute ni objektuek-eta.

Ba sentsibilitatearen objektuak sentsibilitate-modu (Sinnlichkeit) honen arabera bakarrik begiets daitezkeelakoa a priori jakin nezake nik.

Hemendik segitzen da, ezen sentimenezko intuizio-modu hau bakarrik begiztatzen duten proposizioak izango direla posible eta baliozko sentimenen objektuei buruz, eta berebat alderantziz, alegia a priori posible diren intuizioek ezin izango dituztela inola ere gure sentimenen objektuak besterik begiztatu.

X

Beraz sentimenezko intuizioaren formarekin bakarrik begiets genitzake guk gauzak a priori; baina horrela guk objektuak ezagutzen ditugu gure (gure sentimenen) aurrean ager daitezkeen moduan, baina ez haiek beren baitan izan daitezkeen bezala;

eta justu supostu hauxe da behar-beharrezkoa, apriorizko proposizio sintetikoak posibletzat jotzeko, edo inoiz benetan halakorik aurkituko balitz, beren posibilitatea ulertua eta aurretiaz determinatua izan dadin.

Eta hala, espazioa eta denbora dira Matematika hutsak, bere ezagutza eta judizio guztien, aldi berean apodiktikoak eta derrigorrezkoak direnen, oinarritzat jartzen dituen intuizioak;

ba Matematikak, aurrena, bere kontzeptu guztiak intuizioan azaldu, h. d. eraiki, behar izaten ditu (...)